ZUBI2SALTOAREN HISTORIA


Zubi2saltoa Gerarta Arotzenaren bururapena izan zen, Azkoitiako Azkarate-Madariaga zubiaren altuera itzela aprobetxatzeko moduaren bila zebilela. Zubiak 61m ditu punturik sakonenean (62 barandila gainetik), baina, (14 metroko) bere zabaleraren arabera, 25m inguruko erorikoak besterik ezin dira egin, teknika arrunta erabiliz bederen. Beraz, soberako 36m horiek nola gutxitu bilatzeko (1996-1999) hainbat urteko lana izan zuen, eta lau irtenbide desberdin aurkitu ere:

1.- Soka soberakina. Ideia ez da berea. Lehenago ere hainbatek erabili izan zuen bide hau, eta, kasuren batean, heriotza eta guzti (gauzak txarto egiteagatik, beti bezala). Anekdota nekrologikoak alde batera utzita, teknika honen ondoriorik arruntena bizkarra mintzea izaten da, baita materialak zigortzea ere. Hainbat aldiz egin zuen, 10 metroko arteko soberakina lagaz (salto polita, egia esan, ondo eginez gero), baina arriskua handiegia zen. Bide hau baztertu egin zuen.

2.- Zubia zabaltzea I. Zubiaren alde batean, salto egiteko, tranpolin moduko zerbait egitea zen asmoa, edota egitura konplexuagoren bat. Lotura aldean ere, bazegoen zubia zabaltzeko antzeko zerbait egiterik. Ez zen, ez, ideia txarra, baina, bitako bat: garestia zen, ala arriskutsua. Eta, ez bata eta ez bestea, ez ziren Gerartaren gustukoak. Baztertua.

3.- Zubia zabaltzea II. Beste aukera hau garabi bat erabiltzean zetzan, sokak zubira lotuta, garabitik salto egiteko, ala alderantziz. Bi aukerotatik zentzuzkoena lehena zen, zubia baino goragotik salto egiteko aukera ematen baitzuen, hots 61m baino haragoko saltoak egiteko (zubiaren gehieneko goiera da hau). Ez zen ideia txarra (SUPERSALTOaren sorburu izan baitzen), baina zubisaltorako baztertu egin genuen, garestitxo ateratzen baitzen. Irtenbide txarra.

4.- Mailakatutako pendulu bikoitza. Bapatean, Gerartak zera pentsatu zuen: "Eta lehen pendulua egin ostean sokak askatuko bagenitu?". Ez, asmoa ez zen inor akatzea, soka zubipetik bitan pasatzea baizik (joan-etorrian), eta, erdiko lotura, lehen penduluaren joanekoa egin ostean (4. irudian) askatzea. Pentsatu eta egin. Izaskun Iturriren laguntzaz (esker mila) 1999ko ekainaren 29an materialez betetako motxila batek egin zuen akuri edo dummy lana. Gerartak, dena prestatu ostean, toki desberdinetatik behatzen ditu aprobak, baita filmatzen ere. Ezin hobe! Uztailaren 3an lehen ZUBI2SALTOA egiten da pertsonekin. Kristona! Gerartak ez du lehen saltoa berak egiterik (nahi lukeen bezala), ez baitago berau "botatzeko" prestatutako inor. Hurrengo larunbataren zain geratu beharko du, Lore Murua Gereka (mila esker) prestatu, eta bere lehen saltoa egin. Izugarri! Asmazio zoragarria benetan, egin duten guztiek (gaurdaino 3.000 pertsona inguruk) baieztatu duten bezala!

Eta guk beste inork eskaintzen dizugu. SALTO HONEN GAILUA PATENTATUTA DUGU. Norbaitek salto hau geure baimenik gabe eginez gero KALTEORDAINA ORDAINDU BEHARKO DIGU (geure ikerketaren emaitzaren fruitua jasotzea merezi dugu, gutxienez, patenteak dirauen 20 urtetan), Gure baimenik gabe mota honetako saltoen berri ematen digunak (jasotzen dugun kalteordainaren %10eko) diru saria eramango du. Jar zaitez gurekin kontaktuan eta informatuko zaitugu.

Itzul gaitezen zubi2saltora eta ikus dezagun iruditan, eta testigantzetan, zein den efektua.


supersaltoaren orrialdera joan
zubi2saltoaren orrialdera itzuli (joan)
hasierako orrialdera itzuli (joan)